XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

X. NERE ETXEA

Aintzinako etxean bizi naiz,
soberan dazagut ta soberan
harri erorien malenkonia
tantoka bazter orotan dadat
.

Ihesi berri da egunargia,
karnaba kanta lotara doa,
habeen egur zaharra eta
sasiaren txorten oraildua.

Ilunak sendatu du izarra
ta iturrira zihoan bidea;
baratza belar zakar egin da,
basoa bakardade tristea.

Lasto hautsak ez du bainatuko
goroldioren ertzeko igela;
pekatu itoaren etxea da,
anima egunetako kandela.

Hontza dator nirekin, bihoa
oroitzapen nagusien dantza;
mututua orkestina, leloa
txiliotan ahantzia, antza.

Mugarriek ez dute izenik,
ezta atzoko norantza orratzak
euriak jandako seinalerik.

Nongotasuna hilobian datza.